Etxebizitza berria erosi aurretik komeni da sustatzaileari eskatzea higiezinarekin zerikusia duten datu eta agiriak, besteak beste honako hauek:
- Sustatzailearen izena edo sozietate-izena, helbidea, eta merkataritza-erregistroko inskripzioaren datuak.
- Plano orokorra, etxebizitza dagoen tokiarena eta etxebizitzarena berarena. Halaber, azalera erabilgarria metro koadrotan, eta eraikinaren, eraikineko gune komunen eta beste ekipamendu batzuen deskripzio orokorra.
- Kalitateen memoria. Agiri honetan zehaztu behar da zein material erabiliko diren etxebizitzaren atal guztien eraikuntzan (hormak, zoruak, ateak, leihoak...).
- Jabetza-erregistroan higiezinari buruz dauden datuak.
- Etxebizitzaren prezio osoa, eta ordaintzeko modua (hasierako ordainketa eta eraikuntza amaitu arteko letrak barne).
- Banku-abala edo asegurua, salerosketa kontratua sinatu baino lehen kontura emandako diru kopuruak bermatuko dituena (uztailaren 27ko 57/1968 Legearen arabera).
- Hirigintza zedula. Udalak egindako agiria da, eta sustatzaileari obra lizentzia eman zaiola eta proiektua onetsi zaiola egiaztatzeko balio du. Azken batean, higiezinaren eraikuntzaren legezkotasuna bermatzen du.
- Biziegokitasun zedula , hots, etxebizitzak bizitzeko egokia izateko gutxieneko baldintzak betetzen dituela erosleari bermatzen dion agiria (amaitutako etxebizitzetan bakarrik).
- Jabeen erkidegoaren estatutuak eta funtzionamendu arauak, jabeen erkidegoa jada eratuta badago.
- Eraikuntza bukatu gabe badago, sustatzaileak adierazi behar du etxebizitza zein egunetan emanen dion erosleari, bai eta epe hori betetzen ez badu zenbateko kalte-ordaina eman beharko dion ere.
- Eraikinaren energia-ziurtagiria: proiektuarena, obra bukatu gabe badago, edo bukatutako eraikinarena, bestela.
Apirilaren 21eko 515/1989 Errege Dekretuak eta Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 39. artikuluak arautzen dute etxebizitzen salmentan eman beharreko informazioa.