Etxebizitza berriaren akatsengatik erreklamazioak egiteko epeak
Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legeakhiru bermealdi bereizten ditu etxebizitza berriek izan ditzaketen hiru motatako eraikuntza akatsak zuzentzeko:
- Urtebeteko bermealdia bukaera eta akabera akatsetarako. Adibidez, gaizki jarritako zoru edo azulejuetarako.
- Hiru urteko bermealdia eraikuntzako elementuen eta instalazioen akatsetarako, biziegokitasunari eragiten badiote. Esate baterako, hezetasun orbanak.
- Hamar urteko bermealdia, akatsek zimenduetan, euskarrietan, habeetan, forjatuetan edo egiturazko beste elementuren batean badute jatorria, edo elementu horiei eragiten badiete, eta eraikinaren erresistentzia mekanikoa edo egonkortasuna arriskuan jartzen badute zuzenean. Adibidez, zimenduak gaizki egitearen ondorioz pitzadurak sortzen direnean.
Bi urteko epea erreklamazioetarako
Esan behar da bermealdia ez dela hasten salerosketa kontratua sinatzen denean, baizik eta eraikitzaileak sustatzaileari obra ematen dionean modu ofizialean, hain zuzen ere ematearen akta sinatzearekin batera.
Kontuan izan behar da, halaber, bermeek ez bezala erreklamazioek epe bakarra dutela, eraikuntza akatsa edozein izanda ere. Kasu guztietan etxebizitzaren jabeak bi urteko epea izanen du, akatsa agertzen denetik, sustatzaileari edo obran parte hartu duten gainerakoei konponketa erreklamatzeko.
Bermealdia bukatutakoan ere erreklamazioa egin daiteke, baldin eta akatsa bermealdiaren barnean atzematen bada eta noiz agertu den frogatzen bada. Froga gisa, adibidez, argazki bidezko akta egin daiteke notarioaren aurrean.
Ondoko urrats hauek betetzea gomendatzen da eraikuntza akatsen konponketa erreklamatzeko:
- Hiru akats motetako zein aurkitu den zehaztu.
- Egiaztatu akatsa bermealdian dagoela oraindik.
- Ez utzi pasatzen erreklamazioa egiteko bi urteko epea.
- Eskatu arkitekto bati txostena egiteko.
- Arkitektoen Elkargoak txostena ikus-onetsi eta gero, aurkeztu erreklamazioa sustatzaileari eta eraikuntzan parte hartu eta akatsaren errudunak izan diren gainerakoei.
- Erreklamazioa idatziz aurkeztu behar da, eta arkitektoaren irizpenaren kopia erantsi behar zaio. Dokumentuak bidali eta jaso egin direla egiaztatu ahal izan dadin, komeni da burofaxa erabiltzea, sistema horrek frogatzeko balioa baitu.