Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Bihar, uztailaren 18a, "Cultur 2008" hasiko da. Nafarroako Gobernuak Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez antolatzen duen Programa da, eta aurten, Foru Komunitateko 27 herri edo lekutan eginen dute. Turisten egonaldia atseginagoa izatea helburu duen Programa da, hain justu.
Uztailaren 18tik abuztuaren 31ra bitarte eginen dute, eta besteak beste, Leireko eta La Olivako Monasterioetako bezperak eskainiko dituzte, honako ordutegi hauetan: Leireko Monasterioan, astelehenetik igandera, 19:00etan, eta ostegunetan, 19:30ean; eta La Olivako Monasterioan, astelehenetik larunbatera, 18:30ean, eta igandeetan, 18,25ean. Era berean, abuztuaren 31ra arte, honako erakusketa hauek egonen dira ikusgai: Teresa Sabaté, Agoitzeko Kultur Etxean; Alberto Berástegui, Erriberriko Errege Jauregian; Joaquín Ilundáin, Bertizko Jaurerriko Jauregian; eta Jesús Rivero, Vianako Kultur Etxean.
Programaren baitan antolatu dituzten gainerako jarduerak (batik bat musika, dantza, eta ardo dastak) honako leku hauetan eginen dituzte, besteak beste: Uxue, Los Arcos, Etxauri, Beraizko Jaurerria, Lekunberri, Zangoza, Donamaria, Orreaga, Lizaso, Orbaitzeta, Murchante, Erriberri, Corella, Erronkari, Otsagabia, Elizondo, Gares, Artaxoa, Irantzuko Monasterioa, Xabier, Corella, Tutera edo Lizarra.
Asteburu honetan, aipaturiko erakusketak inauguratu eta kantatutako lehenengo bezperak eginen dituzte. Gainera, larunbatean (uztailaren 19a), 22:00etan, Agoitz Dantza Taldea arituko da Uxueko pilotalekuan, eta igandean (uztailaren 20a), 20:00etan, Basso Continuo Hirukoteak ganbera musikako kontzertua eskainiko du Los Arcoseko Andre Maria elizako klaustroan.