Ingurumen-ebaluazioa

Zer da ingurumen-ebaluazioa?

Proiektuek edo planek ingurumenean izan ditzaketen ondorio esanguratsuak aztertzen dituen prozesua da, eta haiek onartu aurretik egiten da. 

Zenbat ingurumen-ebaluazio mota daude?

  • Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa (IIE), garrantzizko inpaktuak dituzten proiektuetarako. Arrunta edo erraztua izan daiteke. Ebaluazioa gainditzen duten proiektuek Ingurumen-inpaktuaren adierazpena lortzen dute.
  • Ingurumen-ukipenen ebaluazioa (IUE), garrantzi txikiagoko inpaktuak dituzten jardueretarako.
  • Ingurumen-ebaluazio estrategikoa (IEE), plan eta programetarako. Arrunta edo erraztua izan daiteke. Ebaluazioa gainditzen duten plan eta programek Ingurumen adierazpen estrategikoa lortzen dute.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa (IIE)

Zer da IIEa?
IIEa prozesu bat da, eta haren bidez, azterlan eta analisi teknikoak eginda, Administrazioak baloratzen ditu legeak jasotako proiektu mota batzuek (errepide batek, lurzatien bilketa batek, parke eoliko batek edo harrobi batek) ingurumenean izan ditzaketen garrantzizko inpaktuak. Helburua da proiektuen diseinuan ingurumenaren aldagaia txertatzea, ahal dela ingurumenarekin bateragarriak izan daitezen. 

Zein proiekturi egin behar zaio IIEa? 
Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen I. eranskinean, jasotako kasuetan nahitatezkoa da IIEa egitea. Gainera, arau bereko II. eranskinean  ageri diren proiektuei IIE erraztua egin behar zaie. Ondorioztatzen bada ingurumenean eragin negatiboak izan ditzakeela, Administrazioak ebaluazio arrunta eginen du. Kontrakoa ondorioztatzen bada, proiektua tramitatzen jarrai daiteke. 

Nola tramitatzen da?
Aurkeztu beharreko edukia 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta VI jasotzen da. Proiektuaren sustatzaileak material hori erantsi behar dio proiektuaren jatorrizko dokumentazioari, baimen orokorra emateko eskumena duen Administrazioko organoan aurkeztu baino lehen (errepide baterako, Herri Lanetan; meategi baterako, Industrian; lurzatien bilketarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzan). Ez da beharrezkoa tramite gehiago egitea; izan ere, organo horrek berak helaraziko dio dokumentazioa Ingurumen Departamentuari, IIEa egiteko.

Herritarrek esku hartu dezakete prozesu horretan?
Legez, IIE arrunta behar duen proiektu bat baimentzeko tramitean, 30 egun balioduneko jendaurreko epea dago, eta epe horretan herritarrek alegazioak aurkez diezazkiekete proiektuei. Proiektu orokorrari baimena emateko eskumena duen administrazioko organoa da jendaurreko epe horren arduraduna. 30 egun horiek igaro ondoren, dokumentazioa Ingurumen Departamentura igorriko du, departamentu horrek IIEa ebalua dezan.

→ Ikus itzazu orain jendaurreko epean dauden proiektuak

Ingurumen-ukipenen ebaluazioa (IUE)

Zer da IUEa?
Ingurumen-ukipenaren ebaluazioa, edukiari dagokionez, IIEaren antzeko prozedura da, baina horrelako proiektuek ingurumenean eragin potentzial txikiagoa dutenez, prozedura erraztua dute.

Zein proiekturi egin behar zaio IUEa?
Soilik Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 2. eranskinean, rjasotako jarduerei –titulartasun publiko nahiz pribatukoak–, lurzoru urbanizaezinean kokatuta badaude. Adibidez: nekazaritzako bide bat, banaketa-linea elektriko bat, hornidura bat edo saneamenduko hodiak. 

Nola tramitatzen da?
Aurkeztu beharreko edukia 26/2022 Foru Dekretuaren 43. artikuluanjasotzen da. Proiektuaren sustatzaileak material hori erantsi behar dio proiektuaren jatorrizko dokumentazioari, baimen orokorra emateko eskumena duen Administrazioko organoan aurkeztu baino lehen (errepide baterako, Herri Lanetan; meategi baterako, Industrian; lurzatien bilketarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzan). IIEaren kasuan bezala, organo horrek berak helaraziko dio dokumentazioa Ingurumen Departamentuari, IUEa egin dezan 3 hilabeteko epean gehienez.

Herritarrek esku hartu dezakete prozesu horretan?
Ingurumen-ukipenen ebaluazioaren kasuan, herritarrek ez dute parte hartzen ingurumenaren arloko tramitean. 

Ingurumen-ebaluazio estrategikoa (IEEa)

Zer da IEEa?
Plan eta programa publiko edo pribatu jakin batzuek (ez jarduerek) ingurumenean izan ditzaketen ondorioak aldez aurretik ebaluatu, zuzendu eta kontrolatzen dituen prozedura da.

Zein plan eta programari egin behar zaie IEEa?
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan jasotzen direnei.