(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Gizarte gaiak :
    • Adinekoak :
      • 36/1999 Foru Agindua, apirilaren 28koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, "Txartel laguna" sortu eta arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

36/1999 Foru Agindua, apirilaren 28koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, "Txartel laguna" sortu eta arautzen duena

 

(1999ko NAOn argitaratua, maiatzaren 17an)

Atarikoa

Konstituzioko 50. artikuluak ezartzen duenez, aginte publikoek herritarren beregaintasun ekonomikoa hirugarren adinean bermatu behar dute eta haien ongizatea sustatu, osasun, etxebizitza, kultura eta aisialdiko arazoei aurre egiteko gizarte zerbitzuen sistema baten bidez.

Nafarroako Foru Eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44.18 artikuluak Nafarroari ez besteri esleitzen dio haur, gazte eta hirugarren adineko politikaren arloko eskumena.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeko 3 b) artikuluak ezartzen du hirugarren adinarendako laguntzaren abiapuntua izanen dela horiek behar dituzten baliabide ekonomikoak eta zerbitzu egokiak eskura izatea eta bere giroan bizitzea sustatzea.

Gaur egun begi bistakoa da hirugarren adineko pertsonek baliabide ekonomikoak falta dituztela. Nafarroako Gobernuaren ekintzaren xedeetariko bat da haien bizimodua hobetzea, adieraziriko arauen barruan.

"Txartel laguna" helburu hori lortzeko asmoz sortu da, hirugarren adineko pertsonek kultur, kirol, josteta eta kontsumoko ondasun eta zerbitzuak erabiltzeko aukera emanez eta horien beren eros-ahalmenerako eskuragarriago bihurtuz.

"Txartel laguna" Europako Batzordeak 1989an eman gomendioaren aplikazioaren ondoriozkoa da. Izan ere, horrek beharrezkotzat jotzen zuen hirugarren adineko pertsonendako txartel bat sortzea, herritar horiek beren adinagatik dituzten abantailak nabarmenago izan daitezen.

Horregatik, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen bidez eskuordeturik dauzkadan eskurantzak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da "Txartel laguna" sortu eta haren funtzionamendua arautzea, Nafarroako Foru Komunitateko zerbitzu gisa, hirugarren adineko pertsonei, zenbait abantaila ekonomiko gauzatuz, ondasun eta zerbitzu batzuk erabiltzeko aukera emanez.

2. artikulua. Onuradunak.

1. "Txartel laguna" 65 urtetik goitikoei edo 60 urtetik goitiko pentsiodunei luzatuko zaie.

2. "Txartel laguna" banan-banako agiri bat da, inori ezin emanezkoa, hirugarren adineko pertsonen nortasuna ezagutarazten duena eta berritu beharrik ez daukana.

3. "Txartel laguna" luzatzeko, pertsona interesatuak eskabidea aurkeztu beharko du entitate banatzailean, ezartzen den ereduari jarraikiz. Bertan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu eta 500 pezeta ordaindu.

4. "Txartel laguna" Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak aukeratzen dituen entitateek banatuko dute, haiek hala eskatzen dutenean.

3. artikulua. Lurraldea.

1. "Txartel lagunak" Nafarroako Foru Komunitaterako balioko du.

2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak behar diren zuzemenak eginen ditu gainerako autonomi erkidegoek hirugarren adineko pertsonen nortasunaren frogagarritzat har dezaten, erkidego bakoitzak haiendako merketze baldintza berezietan eskaintzen dituen zerbitzu eta ondasunak erabil ahal ditzaten.

4. artikulua. Entitate kolaboratzaileak.

1. "Txartel lagunaren" babesean, Nafarroako Foru Komunitatean diharduten eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarekin atxikipen agiria izenpetzen duten entitate publiko edo pribatuek eskaintzen ahalko dituzte orotariko abantailak.

2. Atxikipen agiriak kasuan kasuko ondasun eta zerbitzuak zehaztuko ditu eta horren arabera hirugarren adineko pertsonei eskaintzen zaizkien merketze baldintza bereziak ere bai.

3. Entitate horiek horretarako ezartzen den bereizgarriaren bidez ezagutuko dira jendartean eta "Txartel lagunaren" onuradunei emanen zaien gidaliburu batean agertuko dira.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileari esku ematen zaio "Txartel laguna" ezarri eta horrek indarra izateko behar diren jarduketak gara ditzan eta, zehazki, entitate banatzaileak aukeratzeko eta entitate laguntzaileekin atxikipen agiriak gauzatzeko eskumenak eskuordetzen zaizkio.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa