(Edukira Joan)

Navarra vivienda

Castellano | Euskara | Français | English

Kontratuko betekizunak

  • Partekatu
  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook


Kontratuko beste baldintza batzuk

Kontratua bertan behera uztea

Errentariak errentamendu kontratua uzten ahalko du, baina gutxienez sei hilabete iragan eta gero, baldin eta errentatzaileari jakinarazten badio gutxienez hogeita hamar egun lehenago. Alderdiek kontratuan hitzartzen ahalko dute ezen, kontratua utziz gero, errentariak kalte-ordaina eman beharko diola errentatzaileari: kontratua amaitzeko zenbat urte falta diren, indarrean dagoen errentaren hainbeste hilabete ordaindu. Urtebetera iristen ez diren denbora puskengatik, dagokion proportzioko kalte-ordaina eman beharko da.

Etxebizitza hobetzeko obrak

Errentatzaileak etxebizitza hobetzeko obrarik egiten badu, kontratua indarrean dagoela 3 urte iragan eta gero, eskubidea izanen du, aurkakorik hitzartu ez bada, urteko errenta honenbeste igotzeko: hobekuntzan inbertitutako zenbatekoari obrak amaitzen diren unean diruak duen legezko interes-tasa gehi hiru puntu gehiago aplikatuz ateratzen den emaitza; nolanahi ere, une hartan indarra duen errenta ezin izanen da % 20 baino gehiago handitu.

Inbertitutako kapitala kalkulatzeko, obra egiteko lortutako diru-laguntza publikoak deskontatu beharko dira.

Fidantza

Kontratua egitearekin batera fidantza eman behar da nahitaez, dirutan, errentaren hileko bat adinakoa.

Lagapena edo azpierrentamendua

Maizterrak ezin izanen du kontratua laga, ezta azpierrentan eman ere, errentatzaileak idatziz adostasuna agertzen ez badu.

Gastu orokorrak

Alderdiek hitzartzen ahalko dute maizterraren kontura izanen direla etxebizitza modu egokian edukitzeko gastu orokorrak, zerbitzuak, zergak, kargak eta indibidualizatu ezin diren erantzukizunak. Horretarako, kontratuan zehaztu beharko da gastu horien zenbatekoa. Kontratuaren lehenbiziko hiru urteetan gastu horiek bakarrik handitzen ahalko dira alderdiek hala adostuz gero, urtearen buruan eta inoiz ez errenta igotzen ahal den portzentajea halako bi baino gehiago. Kontagailuen bidez indibidualizatzen ahal diren zerbitzuen gastuak maizterrak ordainduko ditu.

Konponketak

Etxebizitzaren biziegokitasun baldintzei eta itundutako erabilerari eusteko etxebizitzan egin beharreko konponketak errentatzaileak egin behar ditu (salbu eta errentariak eragiten baditu kalteak), eta ezin du horregatik errenta igo.

Konponketa obrak jasatea

Errentariak nahitaez jasan behar ditu konponketa obrak, baina 20 egun baino gehiago irauten badute, errentaren murrizketarako eskubidea izanen du. Obren ondorioz aldi baterako kendu zaion etxebizitza zatiaren proportzioan murriztuko zaio errenta.

Kalteak jakinaraztea

Errentariaren betebeharra da zerbait hondatzen denean ahalik eta lasterren jakinaren gainean jartzea errentatzailea. Halaber, kalteak egiaztatzen utzi behar dio errentatzaileari edo hark bidaltzen duen teknikariari.

Konponketa txikiak

Etxebizitzaren ohiko erabileraren ondoriozko higadurari aurre egiteko konponketa txikiak errentariak egin beharko ditu.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa