COVID-19aren pandemiak nafar gizarte osoari erasan dio eta, bereziki, adinekoei; izan ere, eritasunak ondorio larrienak eragin ditu haiengan. Pandemian, adinekoen osasun fisikoa, emozionala eta soziala asko ahuldu da. Adinkeria ere asko handitu da (Osasunaren Mundu Erakundeak izen hori jarri dio adinagatiko diskriminazioari). Adinkeriari aurre egiteko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) “Galde iezadazu” kanpainarekin segitzen du. 

Zailtasunak zailtasun, adinekoen taldeek beren baliabideak, indarguneak eta erabakiak hartzeko gaitasuna aldarrikatzen jarraitzen dute. Hori dela-eta, Galde iezadazuk adinekoekin familia- edo gizarte-harremanak izatearen alde egiten du, baina interesa eta errespetua lehenetsita. Elkarrizketa sustatu nahi da eta haien ekimena bultzatu, zer egin behar duten soilik esan gabe. 


Zure galderekin interesa erakusten baituzu.  Zure galderekin, adinekoen autonomia errespetatzen duzu. 
 


Zer moduz zaude?

Pandemian zehar zenbait egoerari egin zaio aurre: bakartzea, deskonfinamendua, mugitzeko murriztapenak, maskararen erabilera, txertaketa-kanpaina, prebentzio neurriak hartuta jarduera batzuei berriro ekitea… Adineko batzuk are gehiago bakartu dira eta beste batzuk, berriz, ahal izan duten guztietan atera dira kalera. 
Edonola ere, bizi duten egoeraz hitz egiteak lagun diezaieke. Beraz, ondorengo galderak egin diezazkiekezu: 

  • Nola zaude? 
  • Zure lagunak ikusi al dituzu?
  • Zer moduz daude zure seme-alabak? Eta zure bilobak? 
  • Lagundua sentitzen zara? 

Zer duzu gaur jateko? 

Pandemian zehar ez da hornidura-arazorik egon, nahiz eta zailagoa izan elikagaiak lortzea konfinamenduaren, isolamenduen, berrogeialdien, irteteko beldurraren, arazo ekonomikoen eta abarren ondorioz. 
Adineko pertsona batek bere burua zaintzen duen jakiteko, zer jan behar duen esan ordez, ondorengo galderak egin diezazkiokezu: 

  • Zer prestatu duzu gaur jateko? 
  • Errezeta berriren bat probatu duzu?
  • Jateko gogorik baduzu? 
  • Supermerkatutik edo beheko dendatik zerbait behar duzu?
  • Bazkalduko dugu elkarrekin?

Paseatzera irteten al zara? 

Konfinamendua zela-eta, ariketa eta jarduera fisikoa etxean egin behar izan genuen. Pandemiak mugikortasuna murriztu du, eta horrek esan nahi du indarra eta oreka gal genezakeela, erorketak gehitu daitezkeela,… Ondorioz, garrantzitsua da ariketa fisikoa egitea sustatzea. 
Adineko pertsona batekin gai horri buruz hitz egitean, galdera hauek egin diezazkiokezu: 

  • Ariketa egiten al duzu? 
  • Emanen dugu elkarrekin paseotxo bat?
  • Gaurko planik ba al duzu? 
  • Zer egitea gustatzen zaizu urteko garai honetan? 
  • Lehenago egiten zenuen jardueraren batean eman duzu izena?

Nola sentitzen zara? 

Pandemiak osasun fisikoan ez ezik, ongizate emozionalean ere izan du eragina. Ziurgabetasunak antsietatea, estresa, beldurra, bakardade-sentimendua… sortu dizkie zenbait pertsonari.  

Horregatik, garrantzitsua da adineko pertsonen emozioak ulertzea eta haiekin enpatizatzea. Triste ez egoteko esan ordez, galdera hauek egin diezazkiokezu: 

  • Nola sentitzen zara? 
  • Zer moduzko eguna izan duzu? 
  • Zer egin nahi duzu gaur?
  • Familiako ospakizunen eskasia duzu?

Zer moduzko osasuna duzu?

Administrazio publikoek eta elkarteek zenbait gomendio eskaini dituzte pandemian zehar osasuna zaintzeko, baina lehendik gaixotasunen bat zuten pertsonen osasunean ere eragina izan du egoerak. 
Gainera, badira ondo dauden pertsonak eta adineko beste pertsona batzuk zaintzen dituztenak. 
Hori dela-eta, adineko pertsona batekin gai honetaz hitz egiten baduzu, funtsezkoa da galdera hauek egitea: 

  • Kontsultarik baduzu osasun-zentroan? 
  • Baduzu COVID ziurtagiria?
  • Errezetatu dizuten botika hartzen ari al zara? 
  • Atsedenaldi bat behar duzu, denbora gehiago zuretzat? 
     

Laguntza behar duzu?

Etxean, beti dago zerbait egiteko: hondatutako etxetresna elektrikoak, fakturak, ordenagailua, mugikorra,… Adineko pertsonek horietako asko konpontzen dituztela erakutsi dute, baina zure laguntza ere behar izan dezake. 
Ondorioz, garrantzitsua da galdera hauek egitea: 

  • Laguntzea nahi duzu? 
  • Etxean zerbait hondatu da? 
  • Larrialdietarako telefono-zenbakiak badituzu? 
     


Lankidetza
 

Galde iezadazu bideoa Greater Manchester Combined Authority (GMCA) instituzio publikoaren Keeping Well this Winter kanpainan oinarritzen da. Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak haren lankidetza eskertzen du ekimen hau egin ahal izateko. 

Halaber, eskerrak honako hauei lankidetzarengatik: Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartea, Aitonak Mendi Kluba, Adinekoen Lacarra Elkartea, Berriozarko Adinekoentzako Udal Zentroa, Nafarroako Berdintasunaren aldeko Emakumeen Erakundeen eta/edo Erakunde Feministen Koordinakundea (COMFIN), Adinekoen Elkarteen Konfederazioa (Tercer Tiempo) eta Adinekoen aldeko Donibaneko Ituna.