Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Proposamena S3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiako Zuzendaritza Batzordean aurkeztu da
Transcripción textual del video
S3 deritzon Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategiako Zuzendaritza Batzordeak Manu Ayerdi lehendakariordea buru duen Garapen Ekonomikoko Departamentuaren eskaera jaso du, Nafarroako Foru Komunitateko industriaren eraldaketa sustatu, bultzatu eta erraztuko duen Berrikuntza Digitaleko Poloa (DIH, ingelesez) abian jar dezan. Proposamenean aurreikusitakoaren arabera, azpiegitura berriak sortuko lirateke Arrosadiako campusaren ondoan.
S3 deritzon Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategiako Zuzendaritza Batzordeak Manu Ayerdi lehendakariordea buru duen Garapen Ekonomikoko Departamentuaren eskaera jaso du, Nafarroako Foru Komunitateko industriaren eraldaketa sustatu, bultzatu eta erraztuko duen Berrikuntza Digitaleko Poloa (DIH, ingelesez) abian jar dezan. Proposamenean aurreikusitakoaren arabera, azpiegitura berriak sortuko lirateke Arrosadiako campusaren ondoan.
Proposamena atzo arratsaldean egin zen Espezializazio Adimenduneko Estrategiako (S3) Zuzendaritza Batzordearen azken bileraren barnean, eta horrexen berri eman dio gaur Gobernuari Ayerdi lehendakariordeak. Ayerdi bera buru duen batzorde horretan, Nafarroako Gobernuaren ordezkariekin batera, enpresa nabarmenek, unibertsitate eta zentro teknologikoek, enpresa erakundeek eta sindikatuek parte hartzen dute. Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategia diseinatu eta ezartzeko gobernantza organorik gorena da, lankidetza publiko-pribatua gauzatzeaz arduratzen dena.
Proiektu honen aurkezpenaz, Nafarroako Gobernuak beharrezko adostasuna lortu nahi du horrekin zerikusia duten eragile sozial, ekonomiko eta politiko guztien artean, baita nafar gizartearekin ere. Gobernuak helize laukoitzeko kide guztiekin partekatu, eztabaidatu, ebaluatu eta berrikusi nahi du proiektu hau; hots, sektore produktiboarekin, hezkuntza eta ezagutzaren sektorearekin eta herritarrekin.
Zer dira BDPak
Berrikuntza Digitaleko Poloak (BDP) edo hubak gizarteari irekitako I+G esparruak dira, azpiegiturek, langileek, instituzioek eta dinamikek osaturikoak, Nafarroan industria, zientzia eta teknologia bultzatu eta ekintzailetza sustatzen lagunduko dutenak. Esparru hauek dira Europak industria digitalizatzeko estrategiaren barnean Berrikuntza Digitaleko Poloak (Digital Innovation Hub, DIH) deitzen dituenak. Toki hauetan metatzen dira ezagutza, unibertsitateak, I+G+b-ko talentua, ikertzaileak, ikerketa, esperimentazio nahiz saiakuntza arloko azpiegiturak, zentro teknologikoak eta hauek kudeatzeko teknikariak, proiektuak gauzatzeko aholkularitza eta laguntza, finantzaketaren bilaketa eta ekintzailetza.
Egun, hauexek dira BDP honetan parte hartuko luketen hamaika eragile nagusiak: Nafarroako Gobernua, proiektuaren lider estrategiko gisa; Nafarroako industria, trebatzeko sistemen eta esparruen protagonista, sustatzaile eta erabiltzaile nagusia eta BPDan landutako I+Garen jasotzailea; unibertsitateei atxikitako azpiegiturak, giza-kapitala, ezagutza, ikertzaileak, ekintzaileak, ikasleak eta harrobi profesionala; NAITEC, I+Gari emandako giltzarrizko laguntzarekin, industriari S3ko lehentasunezko arlo bati dagozkion azpiegiturak eta ikerketa arloko talentua eskaintzen dizkiolarik; ADITECH, Nafarroako Berrikuntza Sistemako (SINAI) eragileen koordinatzailea eta Nafarroako I+G+b-aren dinamizatzailea; SINAI osatzen duten eragileak, beraien sektore bertikaletako kideak; Navarra’s Got Talent, talentua erakartzea xede duena; CEIN, ekintzailetzarako talentuaren dinamizatzailea; SODENA, ekintzailetzarako nahiz hazkunde enpresarialerako laguntza finantzarioa ematen duen erakunde nagusia; NASERTIC, azpiegituren kudeatzailea eta operadorea; eta TRACASA, datu geoespazialen eta plataformen hornitzailea.
Balizko kokapena
Proiektuan jasotakoaren arabera, Garapen Ekonomikoko Departamentuak proposaturiko BDPa NUPek Arrosadian duen campusaren ondoan kokatuko litzateke, ikertzaileen arteko trukea eta lankidetza errazteko asmoz. Zehazkiago esanda, aurreikusitako multzoak 30.000 metro koadroko azalera izango luke, bi fasetan eraikiko litzateke, eta honako gune hauek osatuko lukete: industriari eta gizarteari irekitako esperimentazio-esparrua (Living Lab Industrial L21); adimen artifizialeko laborategiak; Big Data eta superkonputazio eta komunikazioetako ICTSa (DATA), Automobilgintzako zentro teknologiko berria, eta Naitecen Mekatronika, baita Robotika, IoT, Sentsorika, ikusmen artifiziala eta fabrikazio aditiboa (TEC), bioteknologiako laborategiak eta sekuentziazioko ICTSa (BIO), 500/1000 ikertzailerentzako lekua, ekintzailetza-eremua (CEIN) eta oinarri teknologikoa duten enpresentzako kokapena (EIBT). Aldez aurreko edo 0 fasean, behin-behineko instalazioetako L21 proiektua abiaraziko litzateke.
Europako estrategia eta finantzaketaren barnean
Proiektu honi eusten dion Europako digitalizazio politikak garrantzi handiko inbertsioak mobilizatzeko gonbita luzatu die industriari, eskualdeei eta Estatu kideei, eta ahaleginak uztartzeko eskaera egin die industriari eta sektore publikoari, sektore eta balio-kateen bitartez, BDPak sortzeko, betiere konputazio nahiz saiakuntza arloetako azpiegituren eta, oroz gain, talentu eta ezagutza arloetako azpiegituren laguntzaz.
2018ko ekainean, Europako Batzordeak lehendabiziko Digital Europe programa aurkeztu zuen, Europar Batasunaren 2021-2027ko aurrekontuetan gero eta zorrotzagoak diren erronka digitalei aurre egiten lagunduko dien 9.200 milioi euroko inbertsioa aurreikusteko asmoz. Batzordearen proposamenaren muina dira ondoko bost esparru hauetan inbertsio handiak egin behar dituzten industriak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak: superordenagailuak, adimen artifiziala (IA), zibersegurtasuna eta kofiantza, zibergaitasunak, eta teknologia digitalen erabilera ekonomia nahiz gizartearen esparru guztietara hedatzea. Digital Europe Europar Batasunaren epe luzeko aurrekontu-proiektuaren «Merkatu bakarra, berrikuntza eta ekonomia digitala» kapituluari atxikitako programa berria da.
Horrekin batera, Europako Batzordeak argi utzi du azken belaunaldiko teknologia digitalen aldeko ikerketa eta berrikuntzarako finantzaketa mantendu eta areagotu behar dela Horizon Europe programaren urte anitzeko hurrengo finantza esparruaren barnean. Bi programak aldi berean garatuko dira: Horizon Europek ikerketa eta berrikuntzarako inbertsio garrantzitsuak eskainiko ditu, eta Digital Europe horien emaitzetan oinarrituko da beharrezko azpiegitura sortu eta gaitasunen hedapena eta garapena sustatzeko; eta hori guztia inspirazio iturria izango da adimen artifiziala, robotika, errendimendu handiko informatika eta makrodatuen arloko etorkizuneko ikerketa-jardueretarako.
Bestalde, Nafarroako BDP proiektu honek honako finantzaketa-bide hauek izango lituzke: Zientzia eta Teknologia Legeak ezarritako 2030era arteko aurrekontu-konpromisoa; Estatuko Administrazio Orokorrak proiektuaren zati batean izan lezakeen partaidetza, CENERen egiten duen bezalaxe; Estatuarekin I+G+b arloko eskuduntzak Nafarroara transferitzeko sinaturiko akordio baten bitartez; Feder funtsetatik nahiz epe luzeko estrategien barnean honelako proposamenei zuzendutako beste finantzabide batzuetatik lortutako europar finantzaketa; talentuari buruzko programetarako berariazko europar finantzaketa; eta, nola ez, partaidetza pribatua, eskualde liderretako erreferentziazko ereduen arabera.
I+G+b-a, lehentasunezkoa Nafarroarentzat
S3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiak 2030eko Nafarroari begira definitu du eskualde-garapenaren eredua, eta gaikako lehentasunak finkatu ditu komunitatearen eta bertako eragileen potentzialtasun ekonomiko eta zientifikoa-teknologikoaren eta lehiakortasun globalaren arabera. Nafarroako 2020ko Industria Plana S3ri atxikita eta Nafarroako berrikuntza sisteman oinarrituta dago.
I+G+b-aren bitartez, ezagutza zientifiko eta teknologikoaren sorkuntza, balorizazioa eta aplikazioa bultzatu nahi dira Nafarroako enpresei balio handiagoa eransteko. Zentro teknologiko eta unibertsitateetako ikerketa eta berrikuntza Estrategian lehenetsitako sektore ekonomikoetara bideratzea da helburua, baita ekonomiaren digitalizazioa eta enpresa berritzaileen sorkuntza bultzatzea ere, eskualdearen garapena dagozkion espezializazio arloen inguruan susta dezaketen lehentasunen aldeko politika adimendunen bitartez.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen