(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Arriskuko praktika heterosexualak dira GIB transmititzeko bide nagusia Nafarroan ostirala, 2008.eko azaroak 28

Osasun Publikoaren Institutuak ohartarazi du sexu-harremanetan babes-neurriak gutxitzen ari direla, batez ere gazteen artean, eta horren eraginez kutsatzeek gora egin dezaketela. 2008an, Nafarroako Ospitaleak hiesaren 22 kasu berri eta GIBak kutsatutako 27 kasu diagnostikatu zituen.


Nafarroan 2003-2007 aldian diagnostikatutako Giza Immunoeskasiaren Birusari lotutako infekzioen artean, %56 babesik gabeko sexu heterosexualarekin lotuta daude, %18 drogak bide parentenaletik (injektatuta) kontsumitzeko material ez-esterila erabiltzearekin, eta %16 harreman homosexualak babesik gabe izan zituzten pertsonekin.


Horrela adierazten dute Osasun Publikoaren Institutuak eta, zehatz esanda, Zainketa Epidemiologikoaren Atalak Nafarroako GIBaren eta Hiesaren egoerari buruz emandako datuek. Atal horrek kontrolatzen du GIBaren infekzio-datuei buruzko informazio-sistema Foru Komunitatean. Erakunde horrek datorren abenduaren 1ean Hiesaren Mundu mailako Eguna ospatzea aprobetxatuko du ohartarazteko Nafarroako herritarrak, eta batez ere gazteak, arreta gutxiago jartzen ari direla sexu-harremanetako babesen inguruan. Joera hori zuzentzen ez bada, datozen urteetan GIBak kutsatutakoen kopuruak gora egingo du nabarmen.


2008ko azarora arteko datuen arabera, Nafarroako Ospitaleak, gaixotasun horren tratamenduan erreferentziakoa den zentroak, hiesaren 22 kasu berri eta GIBak kutsatutako 27 kasu diagnostikatu ditu, azken urteetako zifren antzekoak.


Sexuen arabera, Osasun Publikoaren txostenaren arabera, 2003-2007 aldian egindako GIBaren 166 infekzio-diagnostikoetatik %35 emakumeak izan ziren. 10 urte lehenago, ehuneko hori %27koa zen. Gizonen artean, transmisio heterosexuala izan zen nagusi (%46), eta jarraian homosexuala (%24), eta hirugarren tokian, drogak injektatzeko material partekatua erabiltzearekin lotua (%21). Emakumeen artean, transmisio heterosexualaren nagusitasuna askoz handiagoa izan zen (%78), eta injektatutako drogen kontsumoari lotutako transmisioa %12koa izan zen.


Erretrobirusak kutsatutako pertsonen jatorriari dagokionez, Nafarroako biztanleen artean GIB diagnostikoen kopuruak behera egin duela nabarmendu behar da. Beste herrialde batetik etorritako pertsonen diagnostikoak gora egin zuen 2001ean, eta ordutik egonkor eusten dio. 2003-2007 aldiko GIB diagnostikoen %45 beste herrialde batetik etorritako pertsonen kasuak izan ziren.


Hiesaren diagnostikoei eta gaixotasun horren eraginez hildakoei dagokienez, Osasun Publikoaren Institutuak adierazi duenez, zifra 1996tik aurrera behera egiten ari da, terapia antierretrobiral konbinatua sartzeari esker. Hiesaren ondorioz hildakoen kopuruak behera egin duenez, GIB diagnostikoarekin bizi diren pertsonen kopurua egonkorra da, nahiz eta infekzio-diagnostiko berriak gero eta gutxiago izan. 2007. urtea hiesaren ondorioz hildako gutxien izan zituen urtea izan zen. Iaz 7 kasu egon ziren, 2005ean eta 2006an 12, 2004an 11 eta 2003an 16 (1996an 67 pertsona hil ziren hiesaren eraginez).


Joera hori ona izan arren, GIB infekzioak oraindik ere gertatzen dira. Hori dela eta, Osasun Publikoaren Institutuak transmisioa saihesteko mota guztietako arretak hartu behar direla azpimarratu du. Neurri horiek infektatutako pertsonen artean ere beharrezkoak dira, horien egoerak okerrera egin ez dezan.


Osasun Publikoaren Institutuaren prebentzio-programak


Nafarroan, hiesaren programa, Osasun Publikoaren Institutuaren menpekoa, bitartekaria da gizarte-eragileen,osasun-eragileen eta erkidegoko eragileen artean, eta ekimenak sustatzen ditu sentsibilizazioa, informazioa, prebentzioa, laguntza eta arreta emateko edo arazo horrek ukitutako pertsonak gizarteratzeko, hori guztia GKEn laguntzaz.


Zehatz esanda, programak prebentzio-ekintza batzuk sustatzen ditu (informazio-materialak zabaltzea sexu seguruagoa izateko, xiringak trukatzeko programak hobetzea eta ezartzea eta antisorgailuak banatzea, besteak beste) eta osasun-profesionalak eta gizarte-zerbitzuen arlokoak trebatzen ditu. Iruñako Espetxearen, Farmazialarien Elkargo Ofizialaren eta Drogazaletasunaren Foru Planaren lankidetza du, baita beste erakunde, gizarte-eragile eta GKE batzuena ere. Datu aipagarri moduan, 2007an 175.000 antisorgailu banatu ziren espazio desberdinetan, eta 10.000 foileto eta 500 dibulgazio-kartel lehen mailako arretako zentroetan. 224 farmazia-bulegok salmenta-programetan edo xiringak trukatzeko programetan parte hartzen dute.


Osasunaren Munduko Erakundeak adierazitakoaren arabera, GIBaren aurrerapena gelditzeko botika berriak gehitzeaz gain, hiesa kutsatzearen aurreko prebentzioak ezinbesteko eginkizuna du epidemia hori kontrolatzeko. Espainian, Osasun Ministerioaren 2008-2012 aldiko Plan Multisektorialak prebentzioa bultzatzen du GIBaren aurrean.

Dokumentazioa:
Boletín de Información de Salud Pública.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa