(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Ospitaleko lanek erasandako lokalak beste leku batzuetan jarriko dituzte, lanak amaitu bitarte asteartea, 2008.eko azaroak 18

Zuzendaritza taldeko aholkularitza batzorde batek C pabiloia berritzeko lanak eta Ikerketa Biomedikoaren Zentroa (CIB) eta Larrialdietako eraikin berria eraikitzeko lanak batera egin daitezen eta lanek profesionalengan eta gaixoengan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten zainduko du


María Jesús Calvo Guitián Nafarroako Ospitaleko zuzendariak, Fernando Balduz Ugarriza Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak eta José María Redín Garcés Obra eta Mantentze Lanetako buruak gaur prentsaurrekoan azaldu dutenez (azkeneko biak ere Nafarroako Ospitalekoak dira), ospitale esparruko lanek erasandako lokalak beste leku batzuetan jarriko ditu, lanak amaitu bitarte.


Calvok adierazi duenez, hiru proiektu batera gauzatuko dituzte, Nafarroa 2012 Planaren baitan: C pabiloi berria, Ikerketa Biomedikoaren Zentroa (CIB), eta Larrialdietako eraikin berria. Lehenengo bi proiektuen kasuan beharrezkoa da lanek erasandako lokalak hustea (oso-osorik edo zati bat). Artapen, administrazio eta sostengu eremuetako 150 lokal dira, hain zuzen. Larrialdietako eraikin berria eraikitzeko lanei dagokionez, berriz, gaur egungo jarduerarekin bateragarriak izanen dira.


Calvok azaldu duenez, Nafarroako Ospitaleko zuzendaritza taldeak aholkularitza talde tekniko bat izanen du gaixoen artapena eta segurtasuna bermatzeko eta eragozpenak ahal bezainbeste minimizatzeko. Aholkularitza taldea medikuntzako, erizaintzako, lan zerbitzuetako, Lan Arriskuen Prebentzioko eta Prebentzio Medikuntzako profesionalez osatuta dago, eta lanek profesionalengan eta gaixoengan ahalik eta eragin txikiena izateko aholkuak emanen dituzte eta lokalak lekurik egokienetara eraman ditzaten zainduko dute.


Lanak ospitale esparruan


Nafarroako Ospitaleko C pabiloiko lanak dagoeneko hasi dira, eta aurreikuspenen arabera, 2011ko azaroan amaituko dituzte. Ikerketa Biomedikoaren Zentroko (CIB) eta Larrialdietako eraikin berriko lanak, berriz, hasteko daude, eta aurreikuspenen arabera, 2011ko ekainean eta apirilean amaituko dituzte, hurrenez hurren.


C pabiloia berritzeko eta handitzeko lanen kasuan, beharrezkoa da pabiloi zaharra oso-osorik hustea (gaur egun bertan daude ospitaleko aldagela orokorrak, hemodialisi eremua eta Barne Medikuntzako eta Endokrinologiako ospitaleratze unitatea). Ospitaleko zuzendariak azaldu duenez, lanek erasandako pertsonak eta lokalak honela banatuko dituzte:


- Hemodialisi tratamendua behar duten gaixoak (ehun bat, gaur egun) Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia eraikineko hemodialisi zerbitzu berrira eramanen dituzte, behin betiko, urte honen hasieran.


- Barne Medikuntzako Unitatean (35 ohe ditu) ospitaleratuta dauden gaixoak A-2 pabiloira eramanen dituzte.


 - Langileentzako eremuari dagokionez, behin-behineko modulu bat jarri dute G eta B pabiloien artean eta aurki zabalduko dute. Instalazioaren kostua 87.950 eurokoa izan zen, eta aldagelak, bulegoak, zaintzako medikuentzako gelak, eta erlaxazio eremua ditu (460 metro koadroko bi maila, 920 m2 guztira). Behin-behineko modulua B pabiloian barrena lotzen da ospitalearekin.


- Era berean, administrazio zerbitzuetarako ospitaleko beste gune batzuk erabiltzea aurreikusten dute, batik bat esparruaren atzealdeko pabiloi urdinean dauden guneak.


Ikerketa Biomedikoaren Zentroko (CIB) lanei dagokienez, bestalde, enkante fasean daude eta lanak egiteko gaur egungo M-4 pabiloia eraitsi beharko dute. Pabiloian biltegia dago, eta zentro berria amaitu bitartean ospitale esparrutik kanpora eramanen dute, San Jose Zentrora (zentroa Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak utziko dio ospitaleari).

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Obras en el Hospital de Navarra (presentación ppt.5MG)

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa