(ir al contenido)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Herramientas para el contenido

Compártelo

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ver más noticias de este día

Campoy kontseilariak Euskarazko Prestakuntza Planaren 25. edizioaren aurkezpen-ekitaldia ireki du

miércoles, 08 de junio de 2005

Luis Campoy Zueco Hezkuntza kontseilariak, ikastetxeetako zuzendarien eta prestakuntza arduradunen aitzinean, maila ez unibertsitarioko irakasleendako Euskarazko XXV. Prestakuntza Plana, 2005/06 ikasturtekoa, aurkeztu du gaur goizean Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren (EIBZren) egoitzan.


Euskarazko Prestakuntza Plana

Campoy kontseilaria eta Euskara Zerbitzuko zuzendaria. ( ampliar imagen )

Prestakuntza Plan hau urtero egiten bada ere, aurtengo deialdiari Hezkuntza Departamentuak indar berezia eman nahi izan dio, XXV. izaki. Campoy kontseilariak ireki du jardunaldia eta irakasleen prestakuntzak Nafarroako hezkuntza sistemaren etengabeko hobekuntzan duen garrantzia nabarmendu du. Kontseilariaren esanetan, eskaintzen diren modalitateek ikastetxe bakoitzean diren errealitateak bezain malguak izan behar dute. Horregatik, ikastetxeetan bertan moduluak ezartzeari berebiziko garrantzia eman dio, hezkuntza proiektuaren helburuak erdietsiko badira. Gisa berean, Euskarazko Prestakuntza Planak Departamentuak eskaintzen dituen prestakuntza proposamenen artean duen irmotasuna eta iraupena nabarmendu ditu.

Ondotik, Euskara Zerbitzuko zuzendariak, Maximino Gómez-ek, hondarreko 25 urte hauetan euskarazko prestakuntza jardueren historia aztertu du, eta parte hartze datuak aipatu ditu, horien artean, birziklapenean jarduteko 685 lan baimen eman izan zaizkiela irakasleei, edo freskatze ikastaroetan 5.200dik gora irakaslek hartu dutela parte. Ondotik, etorkizunerako ildo orokorrak aztertu ditu.


Irakasleen Prestakuntza Plana

Ekitaldian izan diren hainbat entzule. ( ampliar imagen )

Jardunaldien programari jarraiki, EHUko irakasle eta euskaltzaina den Pello Salaburuk “Euskara batua, euskalkiak eta hizkuntza erreferenteak” gaia jorratu du, azpimarratuz Euskaltzaindiak proposaturiko eredu formala eredu irekia dela, baina maiz praktikan darabilguna murritzagoa dela eta euskalkietako aldagaiek eskaintzen duten aberastasuna barneratu beharra dutela.

Atsedenaldia egin eta Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren (EIBZren) eta Zubiarte Euskaltegi publikoaren instalazioak bisitatu ondotik, bi zentro horietako zuzendariek horien izaera, helburuak, eta jarduera eta zerbitzu eskaintza azaldu dituzte.

Jardunaldiko azken hitzaldian Euskara Zerbitzuak 2005/06 ikasturterako dituen prestakuntza proposamenak azaldu dira. Horien artean, nabarmentzekoak dira euskarazko birziklatze ikastaroak, 250 orduko freskatze ikastaroak eta ikastetxeetan egiteko prestakuntza moduluen eta ikastaroen eskaintza osoa. Azken honek ardatz izanen ditu kalitatea eta zuzentasuna euskaraz, irakaskuntzari egokituriko itzulpengintza, testuen ekoizpena, euskalkiak, curriculumaren garapena eta material didaktikoen ekoizpena.


Ekitaldia bukatzeko, parte hartzaileek galderak eta iradokizunak egin dituzte. Horiek Euskara Zerbitzuko zuzendariak aintzat hartu ditu, irailean ikastetxeetara igorriko den ikastaroen eskaintza zehatzean kontuan hartzeko.


Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web