(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Arau orokorrak :
    • 65/2012 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Politikaren arloko Ikuskapen Plana onesten duena, 2012. urterako

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

65/2012 Foru Agindua, otsailaren 16koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Politikaren arloko Ikuskapen Plana onesten duena, 2012. urterako

 

(2012ko 66. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 4an)

Atarikoa

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Halaber, foru lege horren beste helburu bat gizarte zerbitzuen sistema egokia eratzea da, zerbitzu ezin hobeak ematea ahalbidetuko duena, pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea bermatzeko.

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua, alde batetik, 3., 6., 7. eta 8. artikuluetan dago zehaztuta, horietan ezartzen baita nor diren gizarte zerbitzuen hartzaileak eta zein eskubide eta betebehar dituzten.

Beste alde batetik, gizarte zerbitzuen sistema publikoa ere foru legearen aplikazio eremuaren barnean dago. Foru legearen 9. artikuluak dioenez, Nafarroako administrazio publikoek ematen dituzten prestazio tekniko eta ekonomikoek, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatzen dute sistema hori. Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 76. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortu eta haiei eustea. Baimen horien xedea baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea da.

Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuak Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dio Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen den jakiteko kontrola eta ikuskapena egitea, hau da, ea gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta zerbitzu horien hartzaileek betetzen ote duten lege horretan xedatutakoa. Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak, gizarte politikaren, familiaren, adingabeen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken esparruan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, honako hauek:

a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta horien hartzaileek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

b) Ikuskapen jarduera gauzatzean atzemandako administrazioko arau-hausteen ondoriozko zehapen espedienteetan ezarritako zehapenen jarraipena egitea eta betetzen diren kontrolatzea.

c) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

d) Zahar etxeen erabiltzaileek egonaldien zerbitzuak finantzatzeko egin beharreko diru-ekarpena arautzen duen abenduaren 29ko 17/2000 Foru Legea aplikatzearen ondoriozko jarduketak burutzea.

Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuak ikuskatzeko eskumena, aurrean esandako guztiaren arabera, ez dela bakarrik hartu behar zentro eta zerbitzuek baliabideen eta eginkizunen arloan indarreko araudia nola betetzen duten kontrolatzeko eskumen gisa, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen zaintza eta errespetua ere kontrolatu behar baitira. Gainera, pertsonek beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, integratua eta banakakoa jaso dezaten ere zaindu behar da.

Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketako lerro nagusien oinarriak.

2012. urterako Ikuskapen Planak baditu aurreko planarekiko desberdintasun batzuk.

Egoitzako zerbitzuak erabiltzen dituztenen eskubideen ikuskapen lerroari eutsiko zaio, eta arreta berezia eskainiko zaio lotura fisiko eta farmakologikoen gaiari, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretua onetsi eta argitaratu ondoren. Alde horretatik, zentroei aholkua emateko lana eginen da, loturak zentzuz erabil daitezela lortzeko eta erabiltzaileek esparru horretan izan beharreko duintasuna, askatasuna eta autonomia hobeto babesteko. Horretarako, eta aipatu foru dekretuaren 20.2 artikulua betez, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak loturen erabilerari buruzko Ikuskapen Protokolo bat prestatuko du urteko lehen seihilekoan, zentroek aplika dezaten.

Halaber, mantendu eginen da, nahiz eta %100era igota, ikuskatutako zentroen kopurua, egoitzetako eta eguneko zentroetako ohiko ikuskapenen oinarrizko lerroa, eta ikuskapenaren xede diren eremuak segurtasuna eta administrazio betebeharrak izanen dira.

Dena dela, ohiko ikuskapen presentzialak ere eginen dira egoitzen eta eguneko zentroen %50ean, horrela egiaztatu ahal izateko ea kanpoko seinalizazioaren, giza baliabideen eta langileen antolaketaren arloko arauak betetzen dituzten.

Itunen ikuskapenari dagokionez, Nafarroako Mendekotasun Agentziak itunen klausulei buruz egin ditzakeen eskari zehatzen mendean uzten da.

Laguntzen kontrolerako lerroari dagokionez, aurten, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zerbitzuarekin batera, Gizarteratzeko Errentako laguntzak emateko irizpideak aplikatzean homogeneotasunez jokatzen den begiratuko da, aplikazio horretan zuzentasunik ez izateak sor ditzakeen arriskuak ahalik eta gehien gutxitzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. Nafarroako Gizarte Politikaren arloko Ikuskapen Plana onestea, 2012. urterako. Foru agindu honen eranskinean jaso da.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren neurriak har ditzan Ikuskapen Plan horretan ezarritako programak gauzatzeko eta bertan ezarritako helburuak betetzeko.

3. Ikuskapen Plana Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

ERANSKINA. Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Ikuskapen Plana 2012. urterako

Lehena. Organo arduraduna.

Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Ikuskapen Atala da Plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuak Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.

Bigarrena. Helburuak.

1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia jaso dezaten arduratzea.

2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen diren begiratzea.

3. Zentroei aholkua eta prestakuntza ematea lotura fisiko eta farmakologikoen arloan, legezkotasuna zaintzeko eta loturak zentzuz erabil daitezela lortzeko, horrela erabiltzaileen duintasuna, askatasuna eta autonomia babestuz.

4. Zentroak eta zerbitzuak baliabideei eta eginkizunei buruzko araudi indardunari egokitzea. Horrela, kalitateko laguntza emateko gai diren gizarte zerbitzuen sarea sendotuko da.

Hirugarrena. Prozedura.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak, 2012. urtean, Plan honetan jasotako ikuskapen jarduketak eginen ditu, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai.

Jarduketa bereziak ere egin ahal izanen dira, zuzendaritza nagusiaren aginduz, nork bere ekimenez, goragokoen aginduz edo beste organo batzuen eskaera arrazoituari erantzunez.

Laugarrena. Ikuskapen lanetan gizarte politikaren arloko arau guztiak izanen dira aplikatzekoak. Bereziki, honako arau hauek erabiliko dira gehienbat ikuskapen lanetan:

1) Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2) Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua. Aurreko foru legearen xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoari jarraituz aplikatuko da.

3) Abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa.

4) Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.

5) Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

6) Ikuskatzekoak diren laguntzei buruzko berariazko arauak eta itun bakoitzeko kontratu-arauak.

Bosgarrena. Oinarrizko jarduketa lerroak.

Oinarrizko jarduketa lerroek hurrengo helburuak lortzea izanen dute xede:

I. Gizarte zerbitzuen hartzaileei, batez ere egoitzetan daudenei, beren eskubideak errespetatuko zaizkiela bermatzea. Garrantzi berezia ematea lotura fisiko eta farmakologikoen gaiari.

II. Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzea.

III. Gizarteratzeko Errentako laguntzak emateko irizpideak aplikatzean homogeneotasunez jokatzen den jakiteko ikuskapenaren oinarrizko lerroa.

IV. Itunak betetzen diren egiaztatzea, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak horixe eskatzen duenean.

Seigarrena. Metodologia.

Ikuskapena, legez onartutako eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik eginen da:

1. Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietara sartu ahal izanen dira. Era berean, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak eta/edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eman behar zaizkie. Ikuskatzaileen lana oztopatzea arau-hauste larritzat jotzen da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86. artikuluko n) letran.

2. Bisita arruntak ez dira aldez aurretik iragarriko, eta ikuskatzaile egiaztatuen identifikazioarekin hasiko dira.

3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanda ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahal dira, egunez edo gauez.

4. Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete behar dituzte.

5. Departamentuko organo eta erakundeek ikuskatzaileei lagundu behar diete ahalik arinen eta eraginkortasunez, hala eskatzen zaien guztietan.

6. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.

Zazpigarrena. Gizarte politikaren arloko ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2012. urtean.

I. Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzeko oinarrizko jarduketa lerroa. Garrantzi berezia ematea lotura fisiko eta farmakologikoen gaiari.

Helburua.-Ikuskapen lanaren bidez egiaztatuko da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, Autonomia Pertsonalaren Sustapenari eta Mendekotasuna duten Pertsonentzako Laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz.

Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen diren egiaztatuko da, honako hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, desgaitasunak dituzten pertsonak, buruko eritasunak, adingabekoentzako arreta, gizarte bazterkeria eta genero bortizkeria.

Eskubideak errespetatzen diren jakiteko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, erabiltzaileen eskubide hauek aztertuko dira nagusiki:

1. Zentroko langileengandik eta erabiltzaileengandik tratu duina jasotzeko eskubidea, arreta jarriz, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenen tolerantzian eta ulermenean.

Era berean, garrantzizkoak dira: erreferentziazko langileak, erabiltzaileen zainketa pertsonaletan jartzen den arreta eta erabiltzaileek itxura egokia izatea jantziei dagokienez. Horretaz gainera, langileek kontuz eta zakarkeriarik gabe mugitu behar dituzte egoiliarrak, muga fisikoak eta/edo psikikoak dituztela kontuan harturik eta horiei egokiturik.

2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzea, berariazko baimena eman ahal izateko. Erabiltzaileek zerbitzuaren barne erregelamendua ezagutzen duten kontrolatuko da bereziki.

3. Banakako laguntza jasotzeko eskubidea, erabiltzaileen berariazko beharren araberakoa. Zehazki, ikuskatuko da ea zerbitzuek PAI bat baduten erabiltzaile bakoitzeko, eta ea profesional eskudunek aldian-aldian aztertu duten. Laguntza pertsonala, soziala, sanitarioa, farmazeutikoa, hezkuntzakoa eta kulturala eraginkorra eta egokia den ere kontrolatuko da.

4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Nabarmenduko da ea zerbitzuak ba ote dituen bisitak ahalik eta intimitate handienarekin jasotzeko egokiak diren instalazio eta eremuak, eta ea pribatutasuna errespetatzen den erabiltzaileak kanpoko edonorekin izaten duen komunikazioan, dela posta arruntez dela telefonoz edo dela beste edozein baliabidez.

Atal honetan, bereziki begiratuko da ea garbiketa eta barruko arropen aldaketak erabiltzaileen intimitatea bermatzeko baldintza eta toki egokietan egiten diren, horretarako holtz tolesgarriak, gortinak edo ateak erabiliz.

5. Kexen eta iradokizunen sistema erabiltzeko eskubidea. Atal honetan, zerbitzuek esparru horretan erabiltzen dituzten protokoloak aztertuko dira, bai eta zerbitzuaren erantzunik baden eta horretarako zer epe behar izan den ere.

6. Zentroetan parte hartzeko eskubidea, Partaidetza Kontseiluen bitartez, horien eraketa eta urteko bilkura araudi aplikagarriak ezartzen baditu.

7. Sendagileak agindu gabe eta gainbegiratu gabe immobilizazio edo murrizketa fisiko edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako arrisku berehalakorik ez badago behintzat.

Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren jakiteko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:

-Zentroko erabiltzaileek ematen duten informazioaren bidez.

-Ikuskapen lanean nabarmentzen diren gorabeheren bidez.

-Zentroko arduradunek ematen duten informazioaren bidez.

Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek Ikuskapen Protokoloetan finkatuko dira.

Jarduera honen epeen planifikazioa bat etorriko da oinarrizko II. lerroko II.3.2. programan aurreikusitako ikuskapen arrunten planifikazioarekin.

Lotura fisiko eta farmakologikoei dagokienez, berritasun gisa eta Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretua onetsi eta argitaraturik, aurten, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak zentroei aholkuak emanen dizkie loturak zentzuz erabil daitezen. Horretarako, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak lotura fisiko eta farmakologikoen erabilerarako "Ikuskapen Protokoloa" sortuko du. Protokolo horren bitartez jarraibide batzuk ezarriko dira, zentroei aholkua emateko, dela loturak erabiltzean erabiltzaileen eskubideak bermatzeari dagokionez, dela loturen zentzuzko erabilerari dagokionez.

II. Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzeko oinarrizko jarduketa lerroa.

II.1. programa. Lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztiei behin betiko baimena ematea.

Helburua.-Behar diren baimenak izan gabe lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztien egoera administratiboa erregularizatzea.

II. 2. programa. Baimen berriak ematea eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan inskripzio berriak egitea.

Helburua.-Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetako aldaketa garrantzitsuak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak eta jarduera uztekoak), eta Kalitate Atalari jakinaraztea Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan egin, kendu edo aldatzen diren inskripzioak.

II.3. programa. Zentro eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten uneoro kontrolatzea.

Helburuak.

II.3.1. Datuak biltzea, indarra duen araudian eskatzen diren administrazio eta segurtasun baldintzei buruz, ondoren aztertu eta kontrolatzeko, honako arlo hauen %100ean: egoitzak eta eguneko zentroak, adineko pertsonentzako arretaren arloa, desgaitasunak dituztenena, buruko eritasunak dituztenena, gizarte bazterketa bizi dutenena, adingabeen arretarena eta genero indarkeria jasaten dutenena.

II.3.2 Urtean behin ikustaldi bat egitea egoitzen eta eguneko zentroen, adineko pertsonentzako arretaren arloaren, desgaitasunak dituztenen arloaren, buruko eritasunak dituztenen arloaren, gizarte bazterketa bizi dutenen arloaren, adingabeen arretaren arloaren eta genero indarkeria jasaten dutenen arloaren %50ari, honako alderdi hauek legearen arabera betetzen dituzten egiaztatzeko:

a) Kanpoko seinalizazioak kontrolatzea Nafarroako Gobernuaren titulartasuna duten zentro eta zerbitzuetan, plaza guztiak itunduak dituzten titulartasun pribatukoetan eta plazen %25a itundua duten titulartasun pribatukoetan, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan ezarritako arauei jarraikiz. Foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

b) Giza baliabideak eta langileriaren antolaketa. Arauz ezarritako ratioak betetzen diren begiratuko da bereziki, bai eta zuzendaritza organoen eta teknikarien lanbide titulazioa ere.

III. Gizarteratzeko Errentako laguntzak emateko irizpideak aplikatzean homogeneotasunez jokatzen den jakiteko ikuskapenaren oinarrizko lerroa.

Helburua:

Laguntza hori emateko hainbat espediente aztertuko dira, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zerbitzuaren partaidetza eta laguntzarekin, laguntza tramitatu eta ematean aplikatutako irizpideen homogeneotasuna egiaztatzeko; horrela, aplikazio horretan zuzentasunik ez izateak sor ditzakeen arriskuak ahalik eta gehien gutxitu nahi dira.

IV. Itunetako baldintza tekniko eta ekonomikoak betearazteko oinarrizko jarduketa lerroa.

IV.1. programa. Itunen ikuskapenaren lerroan, Ikuskapen Atala Nafarroako Mendekotasun Agentziarekin batera arituko da. Hala, Agentziak eskatuta, itunen klausula batzuei buruzko ikuskapen zehatzak eginen ditu.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa