(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Etxebizitza :
    • 89/2014 Foru Agindua, abenduaren 16koa, Sustapeneko kontseilariak emana, Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa ezartzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

89/2014 Foru Agindua, abenduaren 16koa, Sustapeneko kontseilariak emana, Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa ezartzen duena

 

(2014ko 251. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 30ean)

Atarikoa

Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen iragankorrak ezartzen du etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez sortuko dela Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa.

Xedapen iragankor horrek gutxieneko eduki hau ezartzen du, Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa sortzen duen foru aginduak arautuko duena:

a) Zein diren Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa osatzen ahal duten etxebizitzak.

b) Errentariak eskudirutan eman beharreko fidantzaz bestelako errentamendu baldintzak betetzen dituela bermatzea, horretarako banku-abala aurkeztuta edo Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak baimentzen duen moduan.

c) Onuradunak Funtseko etxebizitzen errentari izaten jarraitzeko araubidea.

d) Zer errenta ordaindu behar den etxebizitzaren errentamenduagatik.

Bestetik, Nafarroako Parlamentuak, 2014ko ekainaren 27an egindako Osoko Bilkuran, ebazpen bat onetsi zuen, Nafarroako Gobernuari alokairuko etxebizitzen parke publiko bat abiatzeko eskatzen diona aterperako premia duten bizikidetza unitateentzat edo familia unitateentzat.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa.

Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa eratzen da, foru agindu honetan eta etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen iragankorrean ezarritako arauei jarraituz.

2. artikulua. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren xedea eta hartzaileak.

1. Ohiko etxebizitza galtzeagatik gizartetik baztertuta izateko arriskuan egon eta babes publikoa behar dutenei laguntzea du helburu Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsak.

2. Nafarroan erroldatuta egon eta etxebizitzaren beharra ez merkatu librean ez etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuaren bidez ezin bete duten adin nagusiko pertsonak izanen dira Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsean sartutako etxebizitzen hartzaileak, egoera hauetako bat bizi badute:

a) Ohiko etxebizitza galtzea, hipoteka betearazteko prozesu judizialen edo judizioz kanpokoen ondorioz, etxegabetze baten ondorioz, edo ordainean emateko prozeduraren bidez, edo antzeko negozio juridiko baten bidez.

b) Etxebizitza berehala galtzeko arriskua, alokairu edo hipotekako hilekoak ordaindu ezinagatik, sortutako zorra negoziatzeko ohiko prozedurak emaitza onik gabe agortu ondoren. Horretarako, egoera horretan daudela ulertuko da kasu hauetan:

b.1) Maizterren kasuan: elkarrizketa jabearekin alokairuaren hileko kuota gutxitzeko; sortutako zorra pixkanaka amortizatzeko konpromisoa ezartzea; baliabide ekonomikoekin bat heldu diren beste bizitoki batzuk jo eta ke bilatzea, eman litezkeen beste batzuk galarazi gabe; eta, kasuan-kasuan, bitartekaritza zerbitzuak erabili izatea.

b.2) Hipoteka duten jabeen kasuan: hipotekaren bitartekaritza zerbitzuak erabili izatea; ordainean emateko eta etxebizitzan bere baliabide ekonomikoen araberako alokairu-kontratu batekin jarraitzeko eskaera egin izatea finantza entitateari, ondasun hipotekatuaren entitate mailegari eta onuradunak ezezkoa emanik.

c) Etxebizitzan bizitzeagatik eskatzaileen integritate fisikoa edo psikologikoa arriskuan izatea pilaketagatik, bizikidetzako gatazka larriengatik, bizigarritasun baldintza txarrengatik edo antzeko beste arrazoi batzuengatik.

d) Gizarteratze prozesu baten azken etapetan den pertsona edo familia unitatea izatea, autonomiarako behar diren baldintzak betetzen dituela, salbu 2. atal honen lehen lerroaldean ezarritako baldintza orokorra, behar duen etxebizitza ordaindu ezina, alegia.

3. Orobat, Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtseko etxebizitza bat eskuratu eta bertan bizitzeko, hartzaileek trebetasun pertsonal eta sozial hauek izan beharko dituzte, gauza izan daitezen:

a) Gehienez ere 3 urteko epean beharrezko autonomia pertsonala/familiarra eta ekonomikoa izateko, esleitu zaien etxebizitzan egindako egonaldian izan duten sostengu sozialetik askatzeko modukoa, beste etxebizitza eta beste ingurune batean sartuta.

b) Bizikidetza on bat izateko eta sustatzeko esleitu zaien etxebizitzako eraikinean.

c) Beharrezko gaitasuna eta jarrera izateko, esleitu zaien etxebizitza behar bezala zaintzeko modukoa.

4. Entitate sozial laguntzaileak aukeratuko ditu Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsean sartutako etxebizitzen hartzaileak, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera.

3. artikulua. Indarraldia.

1. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa mugagabe eratzen da, eta indarra izaten jarraituko du bete nahi dituen helburuek dirauten bitartean; horiek bukaturik edo jarraitzea beharrezkoa ez denean, bertan behera geldituko da foru agindu baten bidez, behar diren likidazioak egin ondoren.

2. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsean sartutako etxebizitzak Funtsari loturik egonen dira eta hala jarraituko dute haien xedea bukatu arte, foru agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako hitzarmenaren arabera, non ez den aldez aurretik lotura kentzea erabakitzen hurrengo arrazoiengatik:

a) Funtsean jarraitzea beharrezkoa ez izateagatik; horretarako, bidezko justifikazioa aurkeztu eta frogatu beharko da.

b) Jabearen borondatezko erabaki justifikatuagatik.

4. artikulua. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren izaera.

1. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa txandakakoa da; halako moduan, non uneoro 2. artikuluan deskribatu den egoeran dauden familia unitateak hartuko baititu. Larrialdi egoera hori desagertu edo gainditurik, sistematik baztertzeko arrazoia izanen da eta Nafarroako Foru Komunitatean etxebizitza eskuratzeko dauden beste bide batzuetan sartuko da.

Gehienez ere, urtebetez egonen da Funtseko etxebizitza batean; epe hori urtero luzatzen ahalko da 3 urte egin arte, gehienez ere, hura ematea ekarri zuten baldintzek iraunez gero.

2. Foru dekretu honetan ezarritakoak eta hura garatzeko eman daitezkeen xedapenek arautuko dituzte Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren antolaketa eta funtzionamendua.

3. Etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari atxikita egonen da Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa, eta hark gizarte politiken arloko departamentu eskudunarekin koordinatuko ditu bere jarduketak.

5. artikulua. Atxikitako ondasunak.

1. Hauekin eratzen ahalko da Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa, bere helburuak betetzeko:

a) Titulartasuna edo erabilera edozein administrazio publiko, sozietate publiko edo irabazi-asmorik gabeko entitaterena duten etxebizitzekin, edozein arrazoi dela-eta eskuratu eta beste destinorik ez dutela.

b) Desjabetzen diren etxebizitzekin, edo erabilera galtzen dutenekin, Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen xedapenen arabera.

c) Foru Komunitateko Administrazioak helburu horrekin eskuratu edo sustatzen ahal dituen etxebizitzekin.

d) Finantza entitateek edo kreditukoek, haien mendeko higiezinen agentziek eta aktiboak (bankuen berregituratzearen ondoriozkoak barne) kudeatzen dituzten entitateek helburu horrekin jartzen dituzten etxebizitzekin.

2. Etxebizitzek eskatzen ahal zaizkien gutxieneko bizigarritasun baldintzak bete beharko dituzte. Salbuespen gisa, bizigarritasun baldintzak lortzeko obrak behar dituzten etxebizitzak onartzen ahalko dira; betiere, obra horiek egitea bermatu beharko da.

Etxebizitzek sukaldearen gutxieneko ekipamendua izan beharko dute, higiezina berehala okupatzeko modukoa. Orobat, etxebizitzek alta emanda egon beharko dute nahitaezko oinarrizko horniduretan.

6. artikulua. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren osaera.

1. Titulartasuna edo erabilera edozein administrazio publiko edo sozietate publikorena duten etxebizitzak eta, orobat, finantza entitateek edo kreditukoek, haien mendeko higiezinen agentziek eta aktiboak (bankuen berregituratzearen ondoriozkoak barne) kudeatzen dituzten entitateek jartzen dituztenak, Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsean sartzen ahalko dira atxikipen hitzarmen bat sinatuta; bertan alderdi izanen dira administrazio publikoaren ordezkaria edo, zein den kasua, finantza edo kredituko entitatearena, eta etxebizitzaren arloko kontseilari eskuduna edo hark izendatzen duen sozietate publikoaren ordezkaria.

2. Etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak edo izendatzen den sozietate publikoak kudeatuko du Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa, hurrengo artikuluan xedatzen denari jarraituz.

7. artikulua. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren kudeaketa.

1. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsean sartutako etxebizitzak interes sozialeko programa, proiektu edo jarduketetan erabiliko dira.

2. Etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak edo hark izendatzen duen sozietate publikoak administratuko du funtsa zuzenean, edo hitzarmen edo akordio bidez esleituko zaio gizarteratzeko etxebizitza programaren laguntzaile den entitate sozial bati edo erabakitzen den beste bati. Ondorio horietarako, toki entitateak ere funtsaren entitate sozial laguntzaile izaten ahalko dira; horretarako, hurrengo atalean aurreikusten diren eginkizun guztiak edo batzuk betetzen ahalko dituzte.

3. Honako hauek izanen dira Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtseko etxebizitzen entitate administratzailearen eginkizunak, edo entitate sozial laguntzailearenak:

a) Etxebizitzaren arloko Gizarteratze Taldeak (EISOVI) edo, talde hori ezarrita ez dagoen eremuetan, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoek igorritako pertsonen edo familia unitateen eskaerak hartuko ditu, eta etxebizitza nork eskuratuko duen erabakiko du.

b) Urtebeteko alokairu-kontratua izenpetuko du, hiru urte arte luzatzen ahal dena.

c) Etxebizitzak entregatuko dizkie maizter berriei, haien hornidura-kontratuekin batera, altan daudela eta maizterren izenean.

d) Maiz egiaztatuko du maizter bakoitzak egunean eta zorrik gabe dituela transmititu zaizkion hornidura-kontratuak.

e) Maizterrak etxebizitzan duen azken hilabetean hornidura-kontratuen titulartasuna entitate sozial kudeatzailearen izenean jartzea tramitatuko du.

f) Maizter bakoitzarekin izenpetutako kontratuan ezarritako alokairua hilero kobratzea kudeatuko du.

g) Jabeen erkidegoa titular duen banku kontuan ordainduko du “Erkidegoaren gastuak” izeneko kuota.

h) Maizter bakoitzaren berankortasuna kudeatuko du, Etxebizitzaren arloko Gizarteratze Taldearekin (EISOVI) batera, eta, zein den kasua, etxebizitza non dagoen, horren arabera dagozkion gizarte zerbitzuekin batera.

i) Etxebizitza bakoitza behar bezala mantentzen eta zaintzen dela zelatatuko du; orobat, maizterrek nola erabiltzen dituzten izan daitezkeen espazio komunak.

j) Kasu bakoitzean, eta nola ezartzen den izenpetu beharreko hitzarmenean, etxebizitzan suerta daitezkeen ezbeharrak tramitatzeaz arduratuko da, baita beharrezkoak izan daitezkeen konponketa txikiez ere.

k) Sei hilean behin, egindako kudeaketaren gastuak eta diru-sarrerak frogatzen dituen kontua azalduko du, eta sortutako mugimenduak frogatzen dituzten kontabilitateko dokumentua guztiak erantsiko ditu. Gastuak eta diru-sarrerak frogatzen dituen kontu hori etxebizitzaren arloko departamentu eskudunari edo hark izendatzen duen sozietate publikoari igorriko zaio. Izenpetzen den hitzarmenean ezarriko da, kasu bakoitzean, gerakinari emanen zaion destinoa; hitzarmen horren bidez enkargatuko da etxebizitzen alokairuaren kudeaketa.

l) Izenpetzen den hitzarmenean ezarritako maiztasunaz eginen du bere kargu dituen etxebizitzetako sarrera eta irteerei buruzko txostena, etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak edo hark izendatzen duen sozietate publikoak behar edo eskatzen dituen datu guztiekin.

4. Aurreko atalean deskribatutako eginkizunak betetzeko, Etxebizitzaren arloko Gizarteratze Taldearen (EISOVI) laguntza izanen da, edo, zein den kasua, toki entitateena; eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Dagokion gizarte zerbitzu oinarrizkoarekin koordinatuta, entitate administratzaileari edo entitate sozial laguntzaileari, kasu hori bada, igorriko dizkio foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak.

b) Egoera ekonomikoa eta inguruabar sozio-familiarrak hobetzera bideratutako konpromisoen akordioa sinatuko du esleipen-hartzailea den pertsonarekin edo familia unitatearekin.

c) Hartutako konpromisoak, aurreko atalean aipatuak, lortzeko beharrezko sostengu soziala emanen du, baita pertsonen edo/eta familien gaikuntza lortzeko beste edozein prozesu ere, ekimen honen helburua gauza dadin.

d) Ekintzak koordinatuko ditu dagokion eskualdeko gizarte zerbitzu oinarrizkoarekin, eta arreta berezia eskainiko dio adingabeen beharrak betetzeari.

e) Ekimen honen onuradun diren pertsonek edo familia unitateek bizikidetza on bat eraikitzen parte-hartze handia izan dezatela bultzatuko du, bai etxebizitzak kokatuta dauden higiezinetan, bai haien ingurunean.

8. artikulua. Etxebizitzak erabiltzeko araubidea.

1. Funtseko etxebizitza bat eskuratzen duten pertsonek hura ezin hobe eduki beharko dute higiene eta apaindura aldetik.

2. Etxebizitzak dituen zerbitzuen ondoriozko gastuak, kontsumoaren kontagailuen bidez bakoitzari esleitzen zaizkionak, etxebizitzaren onuradunen kargura izanen dira.

3. Horretarako sinatzen diren hitzarmen edo akordioek erkidegoaren gastuen erantzuleak ezarriko dituzte, baita lurralde kontribuzioarena, higiezina behar bezala zaintzeko gastu orokorrena eta, errentarik ordaindu behar bada, harena ere.

4. Onuradunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Errentamenduaren xedeko etxebizitza onuradunaren ohiko etxebizitza iraunkor gisa erabiltzea.

b) Entregatu zitzaion unean zituen erabilera eta bizigarritasun baldintza beretan zaintzea.

c) Etxebizitzan eragina duen edozein istripu edo matxuraren berri berehala ematea, eta berandu abisatzeak kalterik badakar, haren erantzule izatea.

d) Administrazioari edo Etxebizitza Sozialaren Nafarroako Funtsa kudeatzen duen entitateari sartzen uztea, egunez eta gauez, istripuaren edo matxuraren larritasunak hala eskatzen badu, behar diren obrak egiteko, bai Funts honen babeseko etxebizitzan bai haren bidez, eraikinaren elementu komunetan lan egin behar bada.

e) Etxebizitzaren ohiko erabileraren ondoriozko higadurak eskatzen dituen konponketa txikien kargu egitea.

f) Etxebizitzan egin gogo dituen hobekuntzak baimentzeko, aldez aurretik eskaera idatzia egitea. Hobekuntza guztiak etxebizitzaren onerako izanen dira, eta onuradunak ezin izanen du eskubiderik alegatu kalte-ordainik hartzeko.

5. Artikulu honetan ezarritako edozein betebehar edo baldintza betetzen ez bada, programa, proiektu edo jarduketatik kanpo gelditzen ahalko da onuraduna.

9. artikulua. Jarraipen batzordea.

Funtsa behar bezala garatzeko, jarraipen batzorde bat eratu da, honela osatua:

–Etxebizitzaren arloko departamentu eskudunaren ordezkari bat.

–Gizarte politiken arloko departamentu eskudunaren ordezkari bat.

–Etxebizitza Sozialaren Nafarroako Funtsa administratzen duen entitatearen ordezkari bat.

–Entitate sozial laguntzailearen ordezkari bat.

–EISOVIren ordezkari bat edo, entitate sozial laguntzaileei esleitutako eginkizunak bultzatzen dituen toki entitaterik izanez gero, haren ordezkaria.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa